Azken egun hauetan mugimendua egon da, betiko legez, segurtasun informatikoko munduan.
DailyMotion hackeatuta (85 miloi kontuen datuak agerian)
DailyMotion bideoak online partekatzeko plataforma bat da, YouTube edo Vimeo bezalakoa. Astelehenean bertan jakinarazi zutenez urriaren 20an eraso bat jaso ostean DailyMotion-eko erabiltzaileen 85 miloi kontuen kredentzialak agerian utzi zituzten (hacker batek informazio hori lortu eta enpresatik atera zuen). Dirudienez datuen artean email helbidea, erabiltzailearen izena eta kasu batzuetan (18 miloi kontuetan) pasahitzen hashak (bcrypt hash funtzioaz lortutakoak, nahiko sendoak beraz, eta krakeatzeko latzak).
Erasoaren berri LeakedSource-k eman zuen. Webgune horretan zure email helbidea eta erabiltzailea sartu eta berehala jakin ahalko duzu ea hackeatutako datubaseren batean agertzen den edo ez. Horrelako beste webgune famatu bat (ospetsuena) Troy Hunt ikerlariaren «Have I been pwned?» zerbitzua da. Oso gomendagarriak biak.
Visa txartelen datuak 6 segundo baino gutxiagotan hackeatu daitezke
New Castle Unibertsitateko ikerlari talde batek demostratu du VISA txartelen datuak lortzeko 6 segundu baino gehiago ez dituztela behar. Horretarako tresna berezi bat prestatu dute. Tresna horrek hainbat webgune ezberdinetan probatzen ditu txartel baten zenbakien konbinazioak eta txarto (edo ondo) daudenak apuntatzen ditu. Probak webgune ezberdinetan egiten dituenez, VISA enpresak ez du ezer arrarorik somatzen (normalean txartelearen datuak sartzerakoan akats batzuk jarraian egiten badituzu webgune bakar batean bankuetxeak alertak jasotzen ditu). Diruenez MASTERCAD-eko txartelak eraso mota honi aurre egiteko prestatuta daude (erasoak ez du eraginik bertan). Bideo bat ere argitaratu dute, tresna nola erabiltzen den erakutsiz.
Hacker-ek Errusiako Banku Zentrala erasotu eta 31 miloi dolar lapurtu dituzte
Ez dago informazio handirik baina Errusiako Banku Zentralak berak egiaztatu du pasa den ostiralean hackerrek 31 miloi dolar lapurtu zituztela bertan. Dirudienez hackerrek banku pribatuak ere erasotu zituztela baina bertan lapurtu zutenaren berri ez dago. Symantec enpresako ikerlarien arabera munduko bankuen sistemak eraso bortitzak jasaten ari da egun hauetan oso trebea den hacker talde baten eraginez («Lazarus» izenarekin ezaguna omen da, batzuen ustez Ipar Korearekin lotutakoa). Baina oraingo honetan ez dago garbi zein dagoen erasoaren atzean.