Ikasten.IO
Learning, Aprendiendo

Online-pasahitzen segurtasun politikak. Oinarrizko gomendioak 22 Mayo, 2017

Pasahitzen inguruan, askotan entzun dut kexu hau: “ezin ditut hainbeste pasahitz gogoratu!”. Jakin badakigu zein den horren ondorioa: webgune ezberdinetan pasahitza aukeratzerako unean, burua asko nekatu nahi ez eta pasahitz berdintsua aukeratzea ( superpasahitza, ikusietaikasi!, hegoakebakibanizion2002…). Agian gidoia, azpimarra edo zenbaki sinple bat erantsiz. Edo alderantziz idatzi. Bai, badakit noizbait hori egin duzula. Ez, azkenengo puntua ez, denak.

Enpin, beste estrategia aurreratuago bat maila ezberdinetako pasahitzak erabiltzea litzateke. Alegia, babestu nahi dudan hori oso garrantzitsua bada, pasahitz sendo bat aukeratuko dut: _?=superpasahitzasinkronikopatologikoa2014! . Ez bada hain garrantzitsua, zerbait errazago: -IkusiEtaIkasietaOndoEntzun-. Eta gainontzeko webgune guztietarako, pasahitz ziztrin bat: emoiztazumuxutxuemaitie 🙂

Horrela, pasahitz bat esku zikinetan eroriz gero, beno, ez da munduko ezer onik galtzen. Baina ondo pentsatu: zer gerta daiteke? zure izenean bidalitako mehatxuak, mezu -oso- iraingarriak zabaldu, pribatutasun falta… Eta hori guztia kontutan izan gabe batzuetan “maila altuko” pasahitza beste webgune garrantzitsu batetan erabili duzula, edo hainbat webgunetan.

Ez baduzu pasahitzak sortu eta kudeatzeko politika sendo bat, zure pasahitzak ez dira inolaz ere sendoak. Are gehiago, zure eta zure inguruko segurtasuna ahultzen ari zara pasahitz bat berrerabiltzen duzun guztietan. Eta bai, ziur asko zure pasahitza, jada, cracker-en eskuetan egongo da. Ez al duzu sinisten? Zuk-zeuk proba dezakezu hemen. 3752 miloi kontuen pasahitzak daude bertan. Edo kasurik hoberenean, hash-ak. Baina hash baten esanahia eta zergatian ez naiz orain sartuko, beste artikulu batentzako utziko dut. Demagun zuzenean pasahitzak direla. Zure kontua bertan agertzen al da?
Nirea bai, 14 ALDIZ, leku ezberdinetan. Eta ez da nire errua izan ez bakar batean. Nire kontua kudeatzen zuten enpresek ez zuten, ikusten denez, hain ondo kudeatu.

Orduan, zer egin? Alde batetik, ez errepikatu pasahitzak. INOIZ. Beste aldetik, pasahitz sendoak hautatu. Eta azkenik, pasahitza-kudeatzaile bat erabili.

Pasahitz sendoak erabili

Noski, pasahitz sendoak erabiltzeak ez dituzula errepikatuko suposatzen du alde batetik. Eta bestetik, asmatzeko errazak ez direnak aukeratuko dituzula: hainbat karaktere ezberdin, letra larri eta xeheak uztartuz, ikurrak eta zenbakiak erantsiz. Nahiko luzeak. Adibidez:

(16 karakterez osatutakoa). Nik asmatu dut txurro hori? Ez, http://passwordsgenerator.net/ webgunetik hartu dut. Ausaz aukeratzen ditu zuk esandako irizpideak betetzen dituen pasahitzak. Horrelako webgune asko daude, aukeratu nahi duzuna, edo zuk-zeuk asmatu pasahitzak.

Pasahitz-kudeatzaileak erabili

Aurreko pasahitza gogoratzea posible bada ere (nemonikoak erabiliz: fruit ” EGG 7 ` zip USA park skype KOREAN < TOKYO / rope XBOX = ) ez da erraza. Eta ezin baditugu errepikatu (EZ! Ezin ditugu errepikatu!). are gutxiago. Orduan zer? Pasahitz-kudeatzaile bat erabili. Asko daude merkatuan, online, lokalak, software jabeduna, software librea... Ez dizut burua nekatu nahi. Nik erabiltzen dudana gomendatuko dizut: KeepassX. Software librea da (GPL), plataforma anitzetan dabil (Win, OSX, Linux). Erraz ikasiko duzu erabiltzen baina hona hemen argibide batzuk.

KeepassX aplikazioak bi fitxategi nagusi erabiltzen ditu: datubasea eta gakoa. Datubasean zure erabiltzaile/pasahitz/webgune hirukote guztiak gordeko ditu. Datubasea zifratu egingo du (inoiz galdu egiten baduzu, ez da ezer gertatuko, datuak zifratuak baitaude). Zifratzeko AES algoritmoa erabiltzen du (Advanced Encryption Standard, AES). Algoritmo hori simetrikoa da, alegia, pasahitz bat behar du zifratzeko eta pasahitz bera deszifratzeko. Segurtasunaren aldetik oso algoritmo sendoa da, lasai erabili dezakegu.
Beraz, KeepasX erabiltzen dugun guztietan gure pasahitzen datubasea deszifratzeko pasahitz nagusia eskatuko digu. Hori da, pasahitz sendo bat buruz ikasi eta gogoratu beharko duzu. Baina soilik bat.

Beste segurtasun neurri gisa gako fitxategi bat eskatu ahal dizu (defektuz horrela egiten du). Beraz, 2FA (Two Factor Authentication) edo bi faktoreetan oinarritutako kautotze prozesu bat erabiltzen duela esan dezakegu: alde batetik zuk dakizun zerbait behar du (pasahitza) eta bestetik zuk duzun zerbait (key edo gako fitxategia).

KeepassX aplikazio lokala da. Eta jada entzun ditut zure kexuak: “nik hainbat ordenagailuetan egiten dut lan, nola kudeatuko dut dena modu lokalean egiten badu lan?” Trikimailu bat erabiliko dugu hemen: KeepasX-ek behar dituen fitxategiak (datubasea edoeta key fitxategia) Dropboxen utzi. Gogoratu, zifratuta daude. Edo segurtasun neurri sendoago bat jarraituz: datubasea Dropboxen utzi eta key fitxategia USB batean (poltsikoan edo motxilan eramaten duzun USB horretan 😉

Esandakoa, erabili nahi duzun aplikazioa eta segurtasuna politika, baina mesedez, ez berrerabili pasahitzak.

PRO-TIP: KeepassX erabiltzea aukeratuz gero, ez dituzu online pasahitz sortzailerik erabili behar. Aplikazioak berak eskainiko dizkizu ausaz sortutako pasahitz sendoak.

1 comentario en Online-pasahitzen segurtasun politikak. Oinarrizko gomendioak